XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskerrak bizi nazalako eta maitatzen dodalako!

Ihes egin dot zaratatik; ezin neban gehiago jasan.

Lora horiz jantzitako zelaian babestu naz.

Liluratua sentitzen dot neure burua, pausoan, arineketan, hegaz dabilen munduan autista, sosegu barik eta zalapartaka dabilen jendez betetako munduan.

Bedarrezko alfonbratik begiratzen deutsat uri urduri, kubiko, nahasgarri eta nekagarriari; asfaltoko labirintotik sirenak uluka, autoen aiuma etenbakoa, oihuak, ahots erlats eta urratuak, durundi gogaikarriak...

Orain horrek guzti horrek urrunekoa emoten dau, baina hor behean dago, nire babeslekutik, antzinako hainbat gomuta gordeten dituan larre atsegin honetatik metro gitxitara.

Birsortu egin dot gaur neure mundua, nahiz eta une laburrerako izan.

Hemen, burbuila maite honetan, urtu egin ditut lotzen ninduen kateak eta kimera sutsuak egin amets.

Eutsiezinezko indarrez egin dot putz, pentsatzea eragozten eustien hodei-horma lodi baltzak garbitzeko.

Urten egin dot nire oinei ibiltea, bizitzan aurrera egitea galazoten eutsien zingiratik. Hegaz dihardut txoriak lez eta nire besoak ez dabe ezelako hormarik joten.